Menu

Nafarroa Oinez

Nafarroa Oinez Nafarroa Garaiko ikastolen jaia da. Urtero ospatzen da, euskara bultzatzeko eta horrelako ikastetxeak sortu edo mantentzeko asmoarekin. Nafarroako Ikastolen Elkartea da antolatzailea. Nafarroa Garaiko D ereduko ikastetxe publikoek (Euskararen Foru Legean zehaztutako zonalde euskaldunean eta mistoan baizik ezin dira ezarri) urtero beste jai bat antolatzen dute, Sortzen izenekoa.

Ekimena 1981ean agertu zen, Nafarroa Garaiko ikastolen alegalitateak eta haien jarduera arautua aurrera eramateko diru laguntzarik ezak eraginda, Kilometroak ospakizunean egiten zena imitatuz. Denborarekin euskararen aldeko ekimen jendetsua bilakatu da; beste hainbat jarduera egiteaz gainera, urtero 100.000 pertsona inguru biltzen ditu aurretik finkatutako ibilbide batean, zeinetan hainbat jarduera eta ikuskizun gauzatzen diren.

Nafarroa Oinez lehenengoz 1981eko ekainaren 21ean egin zen, Altsasun. Itxaropenak gainditu egin zituen, izan ere 30.000 pertsona baino gehiago joan ziren ekitaldiri hartara. Altsasun egina zenez Nafarroa Garaian euskaraz irakasten zen lehenbiziko ikastetxea, ekitaldia hantxe egitea erabaki zuten. 18.000 euro (hiru milioi pezeta) irabazi ziren. Diru hura ikastetxea eraikitzearen gastuak estaltzeko erabili izan zen. Lehenengo edizioetan, bisitariei fitxa bat egiten zitzaien sarreran, zeinetan ibilitako kilometro bakoitzeko oroitzapenezko zigilu bat jartzen zitzaien.

Nafarroako ikastolen «alegalizazio» egoerak ekarri zuen gurasoek ordaindu behar izatea ikastola martxan izateko gastuak; izan ere, Nafarroa Garaiko beste ikastetxeek ez bezala, ikastolek ez zuten foru erkidegoko erakunde publikoen diru laguntzarik lortzen DBHa irakasteko. Egoera hura 10 urtez luzatu zen, eta Nafarroa Oinezko festa laguntza handia zen, gastu horiek estali ahal izateko.

1983an udazkenera aldatu zen jaia.

1993an aurreikusita zegoen jende kopurua bikoiztu zen, 100.000 lagun etorri baitziren. Hurrengo urteetan kopuru horri eutsi zaio gutxi gorabehera, klimaren gorabeheran. Euskararen aldeko ekitaldiak garai hartan Nafarroako Foru Erkidegoko erakunde publikoen sostengua piztu zuen, Juan Cruz Alli (Foru Gobernuko burua) Nafarroa Oineza etorri baitzen. Urte hartan baizik ez dira etorri foru erkidegoko gobernuburua edo UPNko agintariak, eskuarki ez baitute zuzenean jaian parte hartzen, nahiz eta gainerako indar politikoek etortzeko ohitura duten.

2003an, lehen aldiz jaia bertan behera utzi behar izan zen, euria zela kausa. Irunberriko ikastolaren diru gastuen zuloa, urte hartan estali asmo zutena, emaitza pribatuei esker txikiagotu ahal izan zen.

Cookie-erabilera

Webgune honek cookieak darabiltza zuk erabiltzaile-esperientziarik onena izan dezazula. Nabigatzen jarraitzen badu ematen ari da aipatutako cookieen onarpenerako bere baimena eta gurea onarpena cookie-politika, lotura informazio handiagorako zula ezazu.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies